C 17: Eskale bizitzen ikasi

Galería

Esta galería contiene 1 foto

(Igandeko ebanjelioa: Lk 11, 1-13) Eske-otoitzaren kontrako joera handia sumatzen da bazterretan. Nonbait Jainkoari ezer eskatzea ez legoke ondo, Jainkoak zer behar dugun ondo asko dakienez. Eskatu ordez, ematen zaiguna aitortu egin behar omen da. Egia esate aldera, alfer-debatea irizten … Sigue leyendo

Garizuma 1: Basamortuan zehar

Galería

Esta galería contiene 1 foto

(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 1-13) Garizumak basamortuan jartzen gaitu. Basamortuan jarri zuen Israel herria. Basamortuan jarri zuen Jesus. Eta hala gu ere, basamortuan. Basamortua gaitzaren bizilekua da, alde batetik, tentaldiaren gunea; bestetik, baina, Jainkoarekin topo egiteko bakardade-tokia da, intimitate-gunea. Aurtengo … Sigue leyendo

Abenduko 3. igandea: Gure betebeharrak

Galería

Esta galería contiene 2 fotos

(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 10-18) Abenduak Eguberrira begira jarrita gauzka. Erosketak, prestakizunak, argiak, eskaparateak, musikak… Egia da, kanpoko soinu deigarri horien ondoan badira bestelakoak: krisia, etxegaltzeak, langabezia, manifak, soldata extrarik eza… Alde batetik, deika ari zaizkigu gasta dezagun eta, bestetik, … Sigue leyendo

32. igandea: Bizia eman

Gizarte edukizale honetan asko ematen dela ezin daiteke ukatu. Badakit denetarikoak izago direla gizartearen barnean, baina asko ematen da behartsuentzat. Krisiak zauritzen gaituen honetan ere, eta datuak hor daude, diru asko biltzen da behartsunentzat. Aski da Caritas-en ekintzak eta gehitu duen laguntza begiratzea.  Beharraren aurrean jende askori beratzen zaio bihotza. Gure oparotasunari bihotz apur bat geratzen zaio oraindik ere.

Baina kontua ematea al da? Emate horrek zer gordetzen du bere barruan? Zergatik ematen da? Zertarako ematen da? Galdera hauen aurrean, seguru asko, izango litzateke zer zehazturik eta izango litzateke bihotz-zabaltasunari egin beharreko ñabardurarik. Sakonean, gizarte honek eta mundu osoak erakusten duen injustizia ez baita limosna-kontua. Kontua ez da, sobratzen zaigunetik ematea. Kontua ez da behartsuekiko detaile bat edo beste erakustea. Behar zehatzei laguntzea ongi dago, oso ongi; baina mundu hau justiziaren ildora ekarri nahi baldin bada, planteaketa sakonagoak egin beharra daukagu.

Kontzientzia txarra daukagu, eta limosna batzuk emanez gozatu nahi dugu. Barrua zornatua daukagu eta pixka bat emanez sendatu nahi dugu geure gaiztakeriaren zauria. Eta eman ematen badugu ere, ez dugu ematen eman behar genukeena. Egia da, zerbait emanez, barrua lasaixeago sentitzen dugula. Eta lasaitasun horren eskutik, jarrai dezakegu gastatzen, erosten, saltzen, kontsumitzen. Jarrai dezakegu gizartearen erri­t­moan itxura lantzen: jantziak, etxeak, kotxea… Guk ez baitaukagu besteak baino beheragotik ibiltzeko obligaziorik.

Eta horrekin zer lortzen da? Munduko etena, aberatsen eta pobreen arteko etena, areagotzea, handitzea. Pobreak gero eta pobreagoak dira. Hirugarren Mundua laugarren mailara jaitsiaraziko dugu. Eta mundu hau gero eta erasokorragoa, gero eta minduagoa, izango da. Gero eta etorkin gehiago ikusiko dugu geure herrietan. Gero eta inmigrante gehiago itoko da pobreziatik mundu aberatserako bidean. Eta haien ondoan, gero eta jende gehiago geure etxekoa beharrean eta ezinean. Gero eta borroka gehiago bazterretan. Eta egorea honek gero eta beldur gehiago sartu digu barrura. Zer etorkizun eraikitzen ari gara? Zer ikusi behar ote dugu?

Irtenbidea? Bakarra: Ebanjelioko alargunarena. Bizia elkarbanatzea, konpartitzea. Besteen beharra bizitzen hastea. Eta bizia konpartitu ahala, jakingo dugu zer eta zenbat eman behar dugun. Bizia banatzen duenak ez baitauka inolako eragozpenik ondasunak elkarbanatzeko ere. Bihotza eman ahala, mundu honetako pobrezia berehala konpon daiteke. Bestela sakondu besterik egiten ez dugun etena, bizkor asko senda daiteke.

Ebanjelioko alargunak ez zeukan asko. Ez zeukan behar zuen adina ere. Eta, hala ere, eman egin du. Asko ez du eman; zeukan guztia eman du. Berak badaki beharra zer den eta horregatik eman du behar zuena ere. Eta pobre honek bere pobreziaren dohaina banatu duenean, beste pobreak poztu egin ditu. Eta injustiziak behera egin du. Hau da Jesusek txalotzen eta goresten duen jarrera eta jokaera. Gure gizarteak badu zer ikasia. Denok eta bakoitzak badugu zer ikasia.

Nolanahi ere, horrela jokatzeak ez digu ilusio handirik egiten, ezta? Begira: Jesusek Erreinuko zoriona agintzen dio maitasunezko jokamolde honi. Denok zorion bila omen gabiltza hara eta hona. Hortxe dago zoriona: besteen pobrezia konpartitzean. Daukan guztia pobreen zerbitzura jarri eta zoriona sentitzen ez duenik ez da azalduko, hori seguru. Baina gizartean bestelakoak dauzkagu. Gizartean itxurak ere asko balio du. Gizartean edukitzea da kontua. Zoriontsu izatekotan bidea bakarra da, bizia ematea.

28. igandea: Ondasun ustelak

Ondasunak bere neurrian onak dira, beharrezkoak. Eta ez daukat horien kontra ezer. Azken batean, ondasunen gorabehera ez da dirutan bakarrik jokatzen, baizik eta bereziki gizakion bihotzean.

Hori bai, ukatzen zaila da, diruak baduela berekin bere arriskua. Eta arriskuaz jabetzeak ez digu kalterik egingo. Baina, noski, bihotz librea behar da arriskuari gerri-gerritik heltzeko.

Ondasunek egin diezaguketen kalterik handiena, bihotza lotzea da, bihotza kateatzea. Eta bihotza lotuta eduki ezkero, ezer gutxitarako balio diezagukete beste perfekzio guztiek.

Inoiz esan izan da santutasuna patrikatik neurtzen dela, eta neurri batean hori egia dela esango nuke. Bihotza patrikan daramanak, beste gauza on asko egin ditzake, baina egiten dituen egintza gehienak bere barruko lotura estaltzeko erabiliko ditu. Estali bai, baina patrika beti garrasika!

Kuriosoa izan da fededun bezala hezi gaituztenoi gertatu zaiena: garai batean kristau baten prefekzioa sexuarekiko jarreratik neurtzen zen gehienbat. Sexuarena txukun samar bideratu ezkero, beste guztiak ez zeukan horrenbesteko garrantzirik. Zorioneko seigarren mandamentua!

Eta, alderantziz, sekula ez edo oso gutxitan galdetzen zitzaigun ondasunen erabileraz, pobreekiko jarreraz, ondasunen pilaketaz, kontsumo amorratuaren injustiziaz… Eta kontzientzia soziala ez genuen landu.

Oraindik ere, sexuarena erabat askatu omen dugula eta horrelakoak esan arren, ez dakit ez ote gabiltzan gutxi gorabehera igualtsu. Ez nuke injustoa izan nahi; badakit kontzientzia sozialean aurrera egin dugula.

Baina, zenbat eta zer arlotan? Gure sinesmen berria patrikaraino iristen ote zaigu? Besteei, agintariei eta, erantzukizunak eskatzeraino iritsi gara; baina geure poltsari zuloa egiteraino ez dakit iritsi garen. Eta esango nuke, auzi honetan fedearen egia ari garela sakon-sakonean jokatzen.

Ni ez naiz inor, inoren ondasunak zuzenkontrakoak direnik esateko, eta ez dut esango. Baina neure kolkoari galdera batzuk bota nahi dizkiot. Esaten dut nire lanaren fruitu dela daukadana. Baina, hori egia izanik ere, neurea neuretzat bakarrik erabiltzeko eskubiderik ba al daukat, ondoan hainbeste behartsu edukita? Neurearekin nahi dudana egin dezakedala esaten dut: neure gorputzarekin, neure ondasunekin, neure ideiekin…

Baina, afirmazio hori, ez dakit beste maila batean nola neurtu, baina kristau-mailan, esaldi hori erabat injustoa eta faltsua da.

Jesusek argi utzi dio «bizitzeaz» galdezka etorri zaionari: bizitzeko ez duela nahikoa agindu guztiak bete izana; ondasunak erdibitu edo banandu egin behar dituela. Aberatsak min hartu zuen Jesusen hitz hauek adituta.

Eta, gizon haren erantzun tristeaz jabetuta, Jesusek ondoren esandakoak gogoan hartzekoak ditugu: aberatsak nekez ulertuko du Jainkoarenik; aberatsak ez du Jainkoaren logikan eta dinamikan sartzen asmatuko. Beraz, giza ikuspegi azalekotik ongi bizi dela eman arren, barrutik ez da pozik biziko; ez du Jesusek ekarri duen Berri Ona ulertuko.

Ondasunekiko ikuspegi hau beldurgarria dela?, oso murriztailea?, oso ezkorra? Jesusek bateko ehun agintzen du mundu honetan, erasoaldiekin; eta etorkizunean, amaitzen ez den bizia. Hori guztia, Jesusek eskaintzen duena alegia, ez da diruz eta era horretako ondasunez neurtzen.

Sinesmenaren esperientzia sakonean zer sentiarazten duen, hori da ikusi eta bizi beharrekoa. Nolako bizipoza ematen du ondasunak pobreekin erdibanatzeak? Hitzak alferrik dira; esperientzia egitea da kontua.

Argi dauzkagu arriskuak, argi emaitzak, argi ibilbideak. Orain badakigu, diruaren onena eta ondasunen bizigarriena, pobreei laguntzea dela. Badakigu, kontrara, diruak egin diezagukeen kaltea, bihotza ixtea dela. Eta bihotza ixten digunik ezer ezin dezakegu onartu. Horrek dena usteltzen du, dena gezur bihurtzen.

Horregatik, esaten nuen gure ondasunak ustelak direla.