Urtarrilak 1: Bihotzez irakurri

Jaiotza2(Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 16-21)

Ilusioz beterik hasi ohi dugu beti urte berria, bizitzaren esperientziak ilusiorako gogoak moteltzen ez badizkigu behin­tzat. Meritua ez dago, noski, berezko ilusioan; eguneroko esperientziaren beltzean indarrean mantentzen den ilusioan bai­zik. Eguneroko esperientziak erakusten baitu nolako kalitatea daukan gure esperantzak.

«Mariak gogoan jasotzen zituen gauza hauek guztiak». Hortxe dago koska. Gertatzen zaizkigunekin zer egiten dugu? Gertatzen utzi, pasatu arte itxoin eta gero kito? Eta hurrengoan ere berdin? Bizi ez diren eta bizi-atal bihurtzen ez diren esperientziek ez dute pertsona garatzen. Eta, gainera, sarri askotan, bihotzean berrirakurtzen ez diren esperientziek gerorako zauriak uzten dituzte barruan. Edo esperientziak zauri bihurtuta finkatzen dira barruan.

Eta ez dago pertsona baten bizi-pozerako gauza txarragorik, barruan zauri eginda gelditutako esperientzien samina baino. Eta txiki-txikitatik esperientzia askotxo geratu izan zaigu barruan gaizki itsatsita. Horregatik garrantzi handiko ariketa da esperientziak berrirakurtzea. Gertatu dena barruan gorde eta barruan hausnartu eta norberaren bizitzan leku egokian kokatu. Etxe batean gertatzen denaren antzekoa da: tresna bat leku egokian kokatzen ez bada, beti enbarazuan izaten da.

Esango zait akaso aspaldiko esperientziak (txikitakoak eta) ez dagoela egoki askatzerik, aspalditik barruan josita daudelako. Egia da beti ez dela erraza izaten esperientziak berpiztea, onez berrirakurtzeko; baina lor daiteke benetakotasunez joka­tzeko gogoa edukiz gero. Urte berriaren aurrean ezinbestekotzat joko nuke ariketa hau egitea. Eta ez dut esaten iraganeko esperientziez bakarrik. Egunerokoez ari naiz, gaurko eta biharkoez.

Nola egiten den hori? Egunean labur edo astean luzexeago, denbora jakin bat eduki behar duzu seinalatua gertatu zaizkizunak zer izan diren aztertzeko. Ez da bakarrik gertatu dena gogoratzea. Gehiago da. Gertatu zaizkigunak gertatu dira; baina gertatu direnek beren ondorioa utzi dute barruan. Zer izan da hori? Zer erasan izan du nire barruan gertatutakoak? Zergatik erasan dit horrela? Zertan egiten dit mesede edo kalte gertatutakoaren erasanak?

Baliteke norbaiti ariketa konplikatua eta nahasia iruditzea; baina ez da hala. Ohitura bat behar da: barrura sartzeko ohitura, barrukoa kanporatzeko ohitura, berrukoa bere neurri onean hartzeko ohitura, gertatuak ez moralizatzeko ohitura; barruan eta barrura bizitzeko ohitura, hitz batean. Eta ariketa honetan guztian, errealitateak beste maila bat har­tzen du. Izan ere, ondo berrirakurritako edozein esperien­tziak ez baitu zauririk eta kalterik uzten. Berrirakurketa beti onerako izaten da. Barrua askatzeko balio du.

Egia da gaurko zientziek bide eta aukera berriak ematen dizkigutela, gauza hauek behar bezala egiteko. Horrek, ordea, ez du ukatzen eta alde batera uzten, Mariari begira ikasi beharreko jarrera eta jarduera. Mariari ustegabeko pasadizo asko ari zaio parean gertatzen. Baina, gertatzeaz gain, berak jaso egiten ditu, eta gertatutakoa hausnartu egiten du, berriz irakurriz. Ez zaizkio gertaerak ezartzen, baizik berak asumitzen ditu gertaerak.

Geure historiaz libre izateko bide bakarra horixe da, Mariak erakusten duena. Eta geure harremanetan libre izateko ere, onena barruan libre izan eta sentitzea. Hau dena urte berriaren haritik. Urte berrian era askotako esperientziak izango ditugu, gure zorion-desioak ez baitira beteko. Baina, zoriona ez dago gertakizunetan edo suerte onean.

Zoriona gertaerekiko geure jokaeran dago. Gertatua gertatu, baldin eta berrirakurtzen asmatzen badugu, ez dugu zoriona urruti izango. Horixe opa dizut, onena opatzen hasita: asma dezazula bizitza bihotzez irakurtzen. Zorion, adiskide!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.