Urtarrilak 1: Ilusioa estreinatzen

Jaiotza2(Gaurko ebanjelioa: Lk 2, 16-21)

Urteak azkar pasatzen dira, gero eta azkarrago. Beste hark askotan esaten zuena: «Egunak luzeak dira eta urteak motzak». Eguneroko sufrimenduak luzatzen dizkigu egunak eta bizi nahi eta ezinaren gurariak laburtzen dizkigu urteak.

Baina gauza bat urtea azkar pasatzea da eta beste gauza urtea lasterka pasatzea. Batean urtea pasatu egiten zaigu eta bestean geuk egiten dugu lasterka. Eta urte berri honen aurrean, lasterka bizi beharra jarri nahi nizun gogoetagai.

«Artzainak lasterka joan ziren». Hori da eredua. Zerbait gogoz bilatu nahi denean, bidea lasterka egiten da. Barruko gogoak jartzen gaitu lasterka. Bestela, berriz, barruko gogorik ezean, bizitzari joaten uzten diogu, gertakizunei gertatzen eta geuk ez dugu ezer bilatzen. Bizitza gertatu egiten zaigu.

Eta oraintxe bertan ez gaude bizitzari bere horretan joaten uzteko. Bizitzari grina jarri behar diogu. Gure eguneroko bizitzak helburu bat behar du, amets bat behar du, barruko gogo sutsua behar du. Bizi nahi dugulako, “ukabilak estututa” bizi nahi dugu, lasterka bizi nahi dugu.

Lasterka, lasterka…, nora lasterka? «Han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana». Artzainei egin zitzaien adierazpenak zutik eta lasterka jarri zituen. Eta gogoz bilatu zutelako, «aurkitu» egin zuten. Beren bilaketak bihotz handia zeukan, egarri handia, gogo handia.

Guk zer bilatzen dugu? Datorren urte berri honi zer eskatzen diogu? Zeren gogoz abiatzen gara egutegi berriaren zenbakietan barna? Zenbakiei pasatzen utzi behar diegu, dena zozokeria txepel bihurtuz, ala eguneroko segundu bakoitzari «zerbaiten» gogoa jarri behar diogu?

Urte berriari gogo berria jartzeko, zenbait gauza eta zenbait jarrera planteatu beharra ere eduki dezakegu. Izan ere, «ongizatearen» bigunkeria honetan ez gara gaizki bizi. Ondo gaude. «Egon» gaude. Ongi gaudenean, zertarako aldatu? Gure zibilizazioaren gaitzik txarrena «egotea» da. Habia beroak egin ditugu. Habia horiei «ongizatea» deitu diegu. Eta hortxe gaude, «egon».

Eta horrek arrisku handiak ditu. Ongi gaudenean, zer bila daiteke? Zergatik egin lasterka «zerbaiten» edo «norbaiten» bila? Beharbada, bilatzen dugun gauza bakarra, gure ongizatea inork ez aztoratzea da. Utz diezazkigutela geure habia beroak bakean. Baina horretatik insatisfakzioa eta gogo txarra besterik ez dator. Oso ondo bizi gara, baina poz gutxirekin. Lasaikerian bizi gara, baina ez lasai. Urduri eta ondoezik gabiltza, zerbait falta izango bagenu bezala. Eta falta dugu.

Urte berri baten aurrean aurkitzen gara. Eta ez diogu, besterik gabe, pasatzen utzi behar. Urte honetan «zerbait» bilatu nahi dugu. «Zerbaiten» gogoa daukagu. Eta «zerbait» horren grinatan lasterka eman nahi dugu urte hau. «Zerbait» hori «Norbait» izango balitz, artean hobe! Baina ez nuke nahi lasterka ibiltze hori gaizki ulertzerik. Lasterka esatean gogoz esan nahi dut, grinaz, barruko arduraz. Beharbada «lasterka» ibiltzeko, gelditu beharra edukiko dugu. Edo geure barruaren egoera aztertu beharko dugu, gogoeta sakon eta patxadatsuan. Eta gure bizitzaren eguneroko helburuak zeintzuk diren galdetu beharko dugu gogoz.

Normalean gure bizitzari ez zaio presa eta urduritasuna falta. Baina presaka ibiltzeak ez du esan nahi lasterka gabiltzanik, gogoz gabiltzanik. «Egotearen» urduritasunak sortu ohi du gure presa, eta hori ez da ona. Topo egin nahiaren gogoak jarri behar gaitu lasterka, eta hori oso ona da. Artzainen bizitza barean lasterka joateko gogoa sortu zen bezala; haien gauak bide berrirako argia jaso zuen bezala, horrelaxe gure urte berriak ere lasterka jarriko gaitu, argitara aterako gaitu. Urte berri on, adiskide! Hori esatean urte berrirako ilusioa eta bizigogoa opa dizkizut.

Egutegia estreinatzen dugu. Estreina dezazula ilusioa ere.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.