Urtarrilak 1: Maria Jainkoaren Ama

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: ongi etorriak. Bi mila eta hamaseigarren urte berriaren hasieran eska dezagun guztiontzat Jainkoaren bedeinkapena:

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan bitez zuekin.

Eguberri-giroan urte berria hastean, Maria Jainkoaren Amatzat ospatzera biltzen gara. Berak ekarri digu Jesus bere semea eta Jesuseengan Jainkoaren salbamena. Beraren eskuetan uzten dugu gure bake-ametsa, berak bete dezan.

Urte berriaren lehen egunean pozik gorets dezagun Jainkoaren ospea, gizon-emakumeoi bakea eman digun Jainkoaren aintza.

(AINTZA kantatua).

PREFAZIOA

Jakin dezagun esker onekoak izaten. Ireki diezazkiogun gure barruak Jainkoaren dohainari. Mariaren Seme Jesusengan agertu zaigun Jainkoaren maitasuna hots egin dezagun.

GUREAITA

Seme-alaba zaretelako, bere Semearen Espiritua bidali du Jaungoikoak zuen bihotzetara «Abba! Aitta!» deika ari dena. Jaunartzera hurbildu aurretik, dagiogun seme-alaba bezala otoitz gure Aitari.

BAKEA

Jesu kristo gure Jauna, Zuk esana da apostoluei: “Bakea uzten dizuet, nire bakea ematen”, isur ezazu zure bakea mundu osoaren gainera eta egin gaitzazu gu bake horren zerbitzari. Jainko eta Errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona Mariaren sabeletik Salbatzaile eta Bake-iturri datorkigun Jauna. Zoriontsua bakezko mahai honetara deituok!

B) IRAKURGIEN MONIZIOAK

1) Orain entzungo ditugun Itun Zaharreko hitzok, Israelgo apaizek herriari ematen zioten bedeinkazioaren hitzak dira. Urte berriari ilusioz heltzerakoan, otoitz eder askoa izan daiteke.

2) Bere Semearen gizakundeaz, Jainkoak bere seme-alaba egin gaitu. Maria laguntzaile ona izan da Jainko Semearen etorreran. Entzun dezagun!

HERRI-OTOITZA

Senideok: 2016. urte berriaren hasieran, eska diezaiogun Jaunari munduko herri eta gizon-emakume guztientzat errukia. Eska dezagun Jainkoaren bedeinkazioa, Jainkoaren bakea.

– Gizon-emakume guztien alde: gaur hasten dugun urte honetan Jainkoaren erruki gozoa dastatu eta pozik bizi daitezen.

– Jesu Kristoren Eliza osoaren alde, Frantzisko Aita Santuaren eta Gotzainen alde, kristau guztien alde:  Jainkoaren errukiaren testigu izan gaitezen geure poz eta konfiantzaz.

– Gure herriaren alde: urte berri honetan bakerako urrats adierazgarriak eman ditzan, denok senidetasunean hazteko.

– Urte berriari hasiera sufrituz, gaixorik, bakardadean eman diotenen alde: beren saminetan ez dezaten barruko indarra eta itxaropena gal.

– Urte honetan gertakizun bereziren bat biziko dutenen alde, jaioko diren haurren alde, ezkonduko diren bikoteen alde, apaiz edo erlijioso egingo direnen alde: Jainkoak bere bedeinkazioz babestu ditzan.

Gure Jainko eta Aita: entzun gure otoitza eta bete gure bake-ametsa. Eman gizon-emakume guztiei biziera pozgarria. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

HOMILIA

Kristau senideok: Eguberriko pozaren bihotz-bihotzean gaude. Bakean, gozo, barne-giro ederrean. Ez da gutxiagotarako. Jainkoak egin digun maitasunezko bisita hain da zabala, hain sinestezina, hain neurri guztien gainekoa! Jainkoa, gurekin bizi den Jainko bihurtu zaigu zinez. Eta horixe dugu fededunok bake eta gozotasun. Horixe dugu biziarazten gaituen notizia!

Gaurko festa, lehenengo mailan, horixe da: Eguberriko misterioari ematen diogun bigarren hausnarraldia. Eguberri-ondorengo zortzigarrenean gaude, eta Eguberritako gertaera dugu gaur ere festagai eta gozagai!  Baina, hori Mariaren eskutik ospatzen dugu gaur. Mariarengan begiratzen dugu Eguberriko Jainko-dohaina. Mariaren sabelean haragia hartu duen haur hori Jainkoak ematen digun bedeinkazio neurrigabea dugu. Gure haragiak sendaketa benetan sakona jaso du!

Urte berriaren sonak ditugu han eta hemen, urte berri baten atarian aurkitzen baikara. Eta betikoa gertatzen zaigu, ezin diegula geure ametsei eutsi. Eta berria zahartzen zaigunean, hurrengo urte zaharretan, berriro ere frustrazioa edo amets erorien lainoa barruan. Gure ametsaren neurriko erantzunik ez ote da? Bihotzeko grina honek ez ote du iturri egokirik, nahi duguna bideratzeko?

Gaur, urte berriaren hasieran, Eliza Amak Maria jartzen digu begien aurrean eta, haren jokamoldetik, iturri berria irekitzen digu, gure ametsari zer edana eskaini ahal izateko. Nola egin dena berri nire/gure bizitzan?

– Maria, aurrena, Jesusen ondoan ikusten dugu artzainen begiradan. Jesusi begira, haren erruki neurrigabetik sortzen da nobedade sakonenaren ur bizigarria. Jesus dugu «bizia», bizi «berria», bizi berri «agortezina».

– Maria, bigarrenik, barne-lanean ari da, «gauza hauek bere bihotzean gogoemanez». Barruko lana ezinbestekoa da, barrutik haztekotan. Ez da pentsatzea, bihotzaren ariketa da. Esperientziak maitasunaren errotan ehotzea da. Bizitza maitasunaren klabean berrirakurtzea. Gauzak eta gertaerak «erori» egiten zaizkigu gainera. Gure lana da, hori guztia bihotzean iraultzea, zauririk ez baizik hazkundea gerta dakigun.

– Hirugarrenik, artzainen gorespen-kanta. Jakina!, barrua maitasunean sendatzen denean, berez sortzen zaigu kantua eta alabantza. Artzainek ikusi dute dena Jainkoak esan bezala aurkitu dutela, eta konfiantzaren arnasa berritzailea hartzen dute, konfiantzaren iturrian bizipoza indartzeko.

Jesusen jaiotzaren inguruan bada kontuan hartzeko gehiago ere, baina hau nahikoa dugu. Nola poztu gure mundu zauritua? Nola egin justiziazko mundu berria behartsuentzat? Nola banatu bizipoza zokoratuen eta baztertuen artean? Aipatu dugun hiru puntuko ibilbidea ez da okerra.

Aurrena, gure bihotza berritu Jesusen ondoan. Hari begira gure bihotzari sua piztu, maitasunaren sua, esperientziaren egia indartu. Abiapuntu hau ezinbestekoa dugu, Jesusen araberako mundua bizi eta eraikitzekotan.

Bigarren, Mariak bezala, gertaerak eta egoerak geure bihotzean gorde, maitasunaren altzoan. Eta bereziki, pertsonak gorde gaure bihotzaren barruenean. Eta egoerak eta pertsonak, maitasunaren klabean berrirakurri. Pertsonei Belengo Haurrak eman dien duintasunean begiratu eta hala tratatu.

Eta, hirugarrenik, alabantza eta esker ona bizi eta kantatu. Gure munduak eta gizarteak alaitasuna behar dute, barruko poza, bizitzearen sentidu gozoa.

Orduan, ibilbide honetan eta inolako zalantzarik gabe, urte berria izan dezakegu, gure ametsek beren neurriko iturria aurki dezakete. Orduan gure urtea, 2013koa, ez da zahartuko, heldu egingo da. Hori berritasunaren iturrian.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.