Urtarrilak 6: Erantzunak galdera bihurtu zaizkigu

Erregeak(Epifania eguneko ebanjelioa: Mt 2, 1-132)

Urte asko eta indar asko eman ditugu erantzunak bilatu eta prestatzen. Eliztarrok erantzunak behar genituen. Eta gaur gehiago. Jendeak egiten dituen galderak gero eta zailagoak izanik, gero eta prestatuagoak eduki behar genituen erantzunak. Eta askotan galdera baino erantzun gehiago eduki izan dugu.
Gaur, zorionez, eliztarrok ere jabetu gara, erantzunak baino lehenago eta inportanteago dela galdera. Galderarik ez dagoen tokian alferrik baita erantzuna. Galderak falta izan zaizkigulako, gure erantzunek ez dute pulamentu handirik azaldu. Erantzunaren pisua galderaren sakonetik dator.
Eta galderak deskubritzea, galderaren sena berreskuratzea, pauso oso handia izan da Elizaren barnean. Galderak ez dira txarrak edo gaiztoak. Galderak bilatu egiten du, eta aurkitzeko bide zuzenena galdera bera da. Galderarik ez zuten eliztarrek galderei beldurra izan diete. Eta beldurra kentzeko bidea, erantzunak prestatzea izan da.
Gaur egun eliztarrok egin behar duguna munduaren galderak geuretzea da. Galdezka dabiltzan guztien bidelagun egitea. Galderen abiapuntutik erantzunerako bidea egitea. Galderen samina eta ezina elkarbanatu behar dugu pertsona guztiekin. Galderek bai baitute beren sufrimendua.
Gaurko ebanjelioan kontatzen zaigun parabolak garbi erakusten ditu bilatzaileen jarrerak eta minak.
Urrutira begiratzeko irekitasuna behar da aurrena. Han urrutian sumatu duten izar txiki eta berezi hura ez zuten ikusiko beren bizitza txikiari bakarrik begiratu izan baliote. Barne-irekitasuna da lehenengo pausoa.
Irteteko askatasuna, bidean jartzeko ausardia. Oso libre izan behar da, bilatzaile amorratua izan behar da, beren bizigiroa utzi eta zer den ez dakiten haren bila abiatzeko. Gure gizarte hau lotaratuegia daukagu horretarako!
Pauso guztiak aztarna bila eman. Edozein detaile txiki izan daiteke argigarri. Begiak irekita daramatza bilatzaileak. Ez da pasota ohikoa. Badaki edozein ñabardura garrantzizkoa izan daitekeela aurkitu nahi duena aurkitzeko.
Galdetu. Izarraren argi txikia galdu dutenean, ez dute atzerako buelta hartzen. Galdetu egiten dute. Beren kezka eta beren bilaketa konpartitu egiten dute. Garai zailetan bidelagunak bilatzen dituzte.
Ez etsi. Ilunaldian ez dute etsi. Eta berriro ere argiunea datorkie. Berriro ere izarra dute gidari. Berriro ere bidea argi ikusten dute. Atzera egiteak ez darama inora. Baina ikusi dutenarekin, galdetu dutenarekin, etsigabe aurrera egiteko indarra izan dute. Eta beren saria jasotzen dute.
Gaur jende asko dabil galdezka. Galdezka, galderak eginez, edo galdezka, galderak gordez; baina galdezka. Eta fededunok zer egin dezakegu? Erantzunak erein alde batera eta bestera? Galdera guztientzako erantzunak dauzkagula eraku­tsi? Ez, noski!
Gaur egiten diren galdera gehienak ez dira zerbait jakin nahiz egindakoak. Bizitzaren sentiduaz doaz galdera gehienak. Zergatik sufritzen den. Zergatik maitatu behar den. Zergatik tristetzen den barrua. Zergatik ezin dugun elkar eraman. Zergatik ezin dugun, behar dugun argia aurkitu.
Eta era horretako galderek erantzun bakarra daukate: bidea egitea. Ez dira datuz erantzuteko galderak. Galdera horiek bide bat planteatzen dute eta fededunok bide horretan lagun izan behar dugu. Bide horren argitasunak eta ilununeak, pozak eta tristurak, adoreak eta ezinak bizi behar ditugu.
Erantzunak bidearen buruan aurkitu ohi dira. Eta, askotan, bidea bera egiten da erantzun. Bidea da sekretua eta giltza. Galdera da sekretua eta giltza. Eliztarrok ez diogu galderari eta bideari beldurrik izan behar. Zorionez, gauza bat behintzat seguru baitakigu: guregatik jaio den Jesus hori eguneroko argi eta bidelagun bihurtu zaigula.
Eta zertarako dugu gehiago? Ez gaitezen hainbeste kezkatu erantzuna jakiteaz. Gaur, zorionez, Elizari esperientzia inportante bat gertatzen ari zaio, gero eta gehiago sakondu behar dugun esperientzia: erantzunak galdera bihurtu zaizkigula! Ondo dago hori!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.