Urtean zehar A: 20. igandea

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 15, 21-28)
Globalizazioaz edo mundializazioaz mintzo garenean, gezurra dirudi nola sor daitekeen han eta hemen horrenbeste muga. Berlingo muga lotsagarria erori zen, baina beste muga berria egin dugu Israelen. Hor dago Txinakoa, turismo-ikuskizun eginda. Hor dago txarrantxazko muga zaindua Zeuta eta Melillan. Baina bestelako muga gehiago ere jaso dugu. Itsasoa muga bihurtu dugu Afrika eta Europaren artean. Aireportuak muga bihurtu ditugu, komeni ez zaigun «arrotzik» sar ez dadin gure lurraldean. Larruazalaren kolorea muga egin dugu. Hizkuntzak elkarren kontrako borrokagai eginda dauzkagu.
Eta horren guztiaren azalpen dira eguna joan eguna etorri Europara iristen diren kaiukoak. Jesusen aurrean eskale ikusten dugu «kananear» txakur horrek izen asko ditu gaur egun gure artean. Kaiukoak «txakurrez» beteta datoz. Badakit ikaragarria iruditzen zaigula inori txakurra esatea. Oinarrizko duintasuna zauritzen duen deitura da. Baina ez gaitu horrenbeste lotsatzen jendea «txakurra» bailitza erabiltzea, nahiz eta inmigrante edo etorkin edo nahi den bezala deitu. Izenak ez dio inori duintasuna ematen, tratuak baino.
Jesusen aurrean ahuspez dagoen emakume honen garrasi bera irteten da eztarri laztu askotatik: «Lagun nazazu, Jauna». Jesusek ez zion entzungor egin; guk bai. Gobernuaren esku uzten dugu arazoa. Haiei dagokie arazoa konpontzea.
«Txakur» hauei ez diegu mahai oparotik jausten zaigun apurrik ere opa. Berriro eraman ditzatela beren herrira, beren miseriara. Hemen geldi daitezela «paperdunak», gure beharretarako aski direnak. Hemen geldi daitezela futbolari onak, larruazalari axola handirik egin gabe kasu honetan. Eta beren bizia kaiuko kaxkar batean arriskatu dutenek berriro ere miseriaren arrisku azkengabera itzuli beharko dute. Horientzat ez dago gupidarik. «Txakurrak» dira.
Jesusek, baina, muga guztiok gainditu egin zituen. Jesusek ez zion azalari begiratzen, ezta nortasun-agiriari ere. Jesusek bihotzari begiratzen zion. Eta bazekien bihotza irakurtzen, beraren ezintasun eta premia guztiekin. Eta bihotz behartsu baten deiak eta aitortzak barrua urtzen zion. Kanako emakume honek ere halaxe urtu dio. Hain da pobrea, ez dio «txakurrei» ematen zaien ogi-apurra besterik eskatu. Duintasunaren mahaitik gehiegikeriaz erortzen diren soberakinak eskatzen dizkio. Eta Jesusek alaba sendatzen dio, Erreinuaren betetasuna emanez.
Beste behin, Jesusek bere Aitaren bihotz errukitsua erakusten du, muga guztiak gainditzen dituen bihotz handia. Horretara etorri da mundura, baztertu eta zokoratu guztiei eskua luzatzera. Kaiuko guztiei ongietorri egitera. Eta eskatzen dutena baino askoz gehiago ematen die. Denek baitaukate leku beroa Jesusen Jainkoaren bihotzean. Bihotz jainkozko horren itsasertza beso-zabal dago beti, puskatuta iristen diren guztiei maitasunaren lurralde onartzailea eskaintzeko.
Hau dena ametsetan jardutea dela? Gauzak beste alderdi batetik ere begiratu behar direla? Dena ez dela jendea onartzea? Badakit! Baina hau dena idatzi badut ez dut inoren kontra idatzi, neure kontra baino. Neure bihotz estuari errepaso hau eman beharra neukan, eta horregatik idatzi dut hau dena. Legeak behar dira, neurriak behar dira, mugak behar dira… Beharbada bai! Baina ez nago seguru! Seguru gauza bat dakit, Jainkoak denak onartzen gaituela; eta batez ere behartsuak eta premiadunak, ezinduak, onartzen dituela. Horraino seguru dakit!
Hori nola tolestatu gure eguneroko bizitzara? Bakoitzak begiratu beharko du zer nolako zabaltasuna eman nahi dien barruko mugei. Bakoitzak erabaki beharko du zenbateko zabaltasuna onartzen dion bihotzak. Jainkoaren neurriak hor daude. Eta Jesusen gaurko kaiukoak ere hor daude.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.