Urteko 12. igandea: Maitasunaren ziurtasuna

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 10, 26-33)
Ebanjelizatzailea ez doa bere kabuz Berri Ona zabaltzera. Bidalia doa. Bere kabuz joango balitz, berak ziurtatu beharko luke etorkizuna eta arrakasta. Baina, bidalia doanez, ebanjelizatzaileak ez dauka beldur zer izanik, bidali duenak bermatzen baitio bai etorkizuna, bai arrakasta. Orduan, seguru doa? Seguru ez doa, segurantzarik ez baitu behar. Bidali duena eta eman zaion Berri Ona ditu bere barruko ziurtasun sendo. Eta barruko ziurtasuna daukanak ez du bestelako segurantzarik behar.
Noski, ebanjelariak atal hau idatzi zuenean, bazekien Jesusi zer gertatu zitzaion. Berri Onaren zerbitzuak heriotzera eraman zuela, ez baitzuten orduko agintariek Jesusen mezua onez hartu. Eta ikasleari beste horrenbeste gertatu zaio, era batean edo bestean. Jesusen zoria ikaslearen zori izango da, gauzak onez. Erasoaldiak, hala ere, ez ditu ikasleak beldurtu eta kikildu behar. «Ez izan beldurrik» esaten die Jesusek. Beldurra ez da azaltzen ikaslearen hiztegian.
Nola ez izan beldurrik? «Gordean dagoena azalduko da, isilean dagoena jakingo da». Azken batean, erasoaldi guztien azpian dauden intentzio txarrak azalduko dira, nahiz eta askotan larruazal apainez jantzita joan. Aita dugun Jainkoak emango du intentzio gordeen epaia. Horregatik, beldurrari ez diote gaina hartzen utzi behar. Eta Jesusek eman dien mezua, alkartasun gozoan azaldu dien mezua, guztien bistara atera behar dute, gizon-emakume guztiek entzun eta jaso dezaten.
Erasoaldiak, gehienera jota, zer ekarriko digu? Kaltea egite aldera ere, zer kalte egingo digu? Oinarrizkoa denik ez behintzat, oinarrizkoa Aitaren maitasunean sustraitua baitaukagu. Horrek esan nahi du, hasieran aipatu duguna: maitasunaren ziurtasuna behar duela bihotzean Jesusen ikasleak. Zer esan nahi duen maitasunaren ziurtasunak? Jainko Aitak ez gaituela inoiz eskutik uzten. Gure bizia bere ardura onenaz zaintzen duela. Eta Jainko maitale horrek ez duela ametituko guri gaitz egin diezagukeen ezer.
Eta eman zaigun eginkizuna, Jesusen alde ateratzea da. Gure inguruan eta bakoitzari dagozkigunetan, Jesusen berri ematea. Jesusen mezuaz ez lotsatzea. Konfiantza apal eta sendoaren babesean, Jesusen lehentasunak geure bizitzako lehentasun izatea. Izan ere, beldurragatik edo lotsagatik edo utzikeriagatik Jesusen mezua alde batera baztertuko bagenu, dena kontra jarriko zaigu: geure beldur eta lotsen morrontzan erori eta hartan biziko gara.
Betikora gatoz, sakonean. Berri Onaren esperientzia behar da iturrian. Jainkoaren maitasunaren esperientzia behar da sustraian. Ez da jakitea bakarrik edo buruaz ezagutzea. Afektibitatearen muina harrapatzen duen bizikizuna da. Eta muin horretan bakarrik bizi daiteke, oinarrian ipini dugun maitasunaren ziurtasuna. Jesus horretara etorri zen, Aitaren maitasunaren ziurtasuna gure bihotzetan itsastera. Eta, gero, maitasun horri utzi behar zaio jokatzen. Maitasunaren ziurtasunak kentzen digu beldurraren eragina. Maitasunaren ziurtasunak ematen digu aurrera egiteko eta Jesusen segizioan joateko adorea.
Gaurko kristauoi zer ari zaigu gertatzen? Gure eliz elkartea zeren beldur da? Jesusen segitzaile ez gara ba? Beraz, beldurrik izateko motiborik ez genuke behar, maitasunaren ziurtasun sakon hori izatekotan. Jainko Aitak «gure buruko ileak ere zenbatuak baldin badauzka», zeinen beldur izan gaitezke? Apalduta, zapalduta, gaudela? Etorkizuna ez dugula batere seguru ikusten? Gutxi eta bakarrik gelditzen ari garela? Gure Elizaren atarramentuak beldurra edo zalantza sortzen digula? Sarri atzerako pausoak sumatzen ditugula gure erakundean? Inoiz nolabaiteko erasoa ere jotzen dutela gure kontra?
Beno, egia esan dezagun: ez daukagu segurantza bermatuta. Baina, badaukagu maitasunaren ziurtasuna!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.