Urteko 2. igandea: Uretik ardoa

Mahatsa(Igandeko ebanjelioa: Jn 2, 1-11)

Lukasen Ebanjelioa irakurtzen hasi aurretik, pasabidean, Joanen Ebanjeliotik hartutako pasarte hau irakurriko dugu igande honetan, Kanako ezteietako pasarte ederra. Pasarte honek baditu bere hitz gakoak: ezteiak, gonbita, ura, ardoa, Maria, Jesusen Hitza, ordua, aintza, sinesmena, harridura… Hitz giltza hauek ematen digute, zalantzarik gabe, misterioaren muina. Inporta dena ez da miraria, zeinuak adierazten duena baizik, Jainkoaren Erreinua hasi dela mundu honetan presente egiten. Ardo berria Erreinuko edaria da.

Festak ardoa behar du. Eta une horretantxe, festa behar denean, ardoa ahitu. Gizakioi askotan gertatzen zaiguna da. Egoerak kontrolatu nahi genituzke festari eusteko, poza sortzeko, ilusioa mantentzeko. Baina, eutsi beharrez atzaparrak estutzen ditugunean, behatz artetik ihesi joaten zaigu bizia. Zenbat eta borondate eta grina handiagoa jarri, orduan eta azkarrago galtzen dugu bizipoza.

«Ez daukate ardorik». Esaldi honek biltzen du egoeraren hutsunea. Eztei egunean festa galdu dute, ilusioa, bizitzeko poza. Bizitzari odoljario gelditu ezinekoa sortu zaio. Eta alde guztietatik biziak ihes egiten digu. Barruko historian, harremanetan, lanean… ez dakigu sentidua aurkitzen. Dena eskuetatik erortzen zaigu. Ez dakigu nor garen eta ez gara garena izaten ausartzen. Ez daukagu ardorik, festarik, pozik, sentidurik.

Eta Jesusek bizia sortzen du. Gure ezina ontzi betean hartu eta bizipoz bihurtzen du. Gure ezinaren ura ardo gozo. Eta azkenekoa, aurrekoa baino hobea gertatzen da. Ardo onena azkenean. Zenbat aldiz hartzen gaituen barrutik sentimendu okerrak: pentsatu ohi dugu onena bizi izan dugula, geratzen zaiguna gero eta okerragoa izango dela. Eta atzokoaren nostalgia triste batek estaltzen gaitu, lainoa bailitza.

Pasarte honen eskutik, Jesus ezagutzen dugu, beste ezeren aurretik. Jesusek hori egiten du, bizia ugaldu. Ezerezetik dena sortu. Heriotzatik bizia. Ezintasunetik bizi-aukera berria. Tristuratik poza. Horrelakoa da Jesus, eta horrelakoa Jesusen Jainkoa. «Bere aintza azaldu zuen».

Eta, bestalde, Jesus ezagutzeaz batera, geure bokazioa eta duintasuna ezagutzen ditugu. Eguneroko esperientziaren pisu astunak ezintasunean bizitzera eramango ginduke, baldin eta bizitzeko eginak garela esan izan ez balitzaigu. Tristuran bizitzera ohituko ginateke, Jesusek esan izan ez baligu poza dugula bokazio. Festa galduko genuke, norbaitek bizitza eta errealitatea beste era batera irakurtzera eragingo ez baligu.

Baldintza bat bete behar da: geure ezintasuna aitortzea, ardorik ez daukagula aitortzea. Geure ezintasuna mila eratara estali nahi dugun neurrian, ez dugu bizitzeko aukera berririk izango. Gure ezintasuna Jesusi entregatu eta hark egingo digu miraria, zeinua, Jainkoa ezagutu dezagun eta geure buruaren duintasuna ezagutu dezagun.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.